Urtarrilak 22, 2026

Lehen sektorearen bikaintasuna goraipatu dugu 2025eko Santo Tomas Azokaren sari banaketan

SantoTomasSariak_150

Atzo, BBK Sala tradizioaren eta landa-eremuaren aitortzaren topagune nagusi bihurtu zen berriro. Bertan, pasa den abenduaren 21ean ospatutako 76. San Tomas Azokako sari-banaketa ekitaldia ospatu zen. Urteroko ekitaldi honen bidez, gure baserritarren ahalegina eta bikaintasuna nabarmendu nahi dugu, Bizkaiko ekonomia- eta gizarte-sarean ezinbestekoak baitira.

Ekitaldiak babes instituzional zabala izan zuen; bertan izan ziren, besteak beste, Unai Rementeriai, BBK-ko presidentea; Gorka Martinez, BBK-ko zuzendari nagusia; Nora Sarasola, BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendaria; Ainhoa Elortegi, BBK-ko Ingurumen eta Garapen Iraunkorreko arduraduna; Amaia Barredo, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen eta Arrantza sailburua; Arantza Atutxa, Natura Ingurune eta Nekazaritza diputatua; Ana Otadui, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea; Amaia Arregi, Asier Abaunza eta Eider Inunziaga Bilboko Udalaren izenean; eta Eduardo Ruiz de Gordejuela, Kutxabankeko kontseilari ordezkaria. Haiekin batera, saridunak eta Bisubi Fundazioko ordezkariak ere bildu ziren.

Kalitateari eta ahaleginari aitortza

Sari-banaketan azokako kategoria esanguratsuenak igaro ziren oholtzatik: Bizkaiko hiriburua kolorez jantzi zuten fruta eta barazkiak, eztia, ogia, sagardoa eta gazta motak (ardia zein ahuntza). Txakolinak ere protagonismo berezia izan zuen, zuri, beltz, gorri eta berezien ataletan.

Produktuaren kalitate teknikoaz haratago, azokaren giza eta gizarte-balioa ere goratu nahi izan genuen hiru ohorezko aipamenen bidez. Postu onenaren saria Gorka Martinezek eman zuen, salmenta-gunearen estetika eta zaintza sarituz. Bestalde, Amaia Barredok ekoizle gazteenari eman zion garaikurra. Sari hori funtsezkoa da BBKrentzat, lehen sektoreak bizirik iraun dezan beharrezkoa den belaunaldi-aldaketan jartzen baitu arreta.

Arratsaldeko une hunkigarrienetako bat Unai Rementeriaren eskutik Santo Tomas Azokako ibilbideari emandako saria izan zen, Azokarekiko eta Bizkaiarekiko bizitza osoko dedikazioa eta konpromisoa omenduz.

Elkartasuna eta herritarren parte-hartzea

Aurreko edizioetako bideari jarraituz, Santo Tomasen alderdi solidarioa Gernikako 4.500 babarrun-razio banatzearen eskutik etorri zen. Ekimen horri Nora Sarasolak, BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendariak, emandako BISUBI Saria egokitu zitzaion. Bisubi Fundazioarekiko aliantza honek tokiko gastronomiaren eta lurraldeko gizarte-kausen arteko lotura sendotzen du; izan ere, bildutako diru guztia Lagun Artean, Gregorio Ybarra, GBGE eta Naizen elkarteen artean banatu da.

Bestalde, “Zenbat da?” lehiaketako saria ere banatu zen. Ekimen honen asmoa herritarrak tokiko produktuen benetako balioaz kontzientziatzea da, landa-ingurunearekin lotuago dagoen gizartea sustatzeko.

Gure nortasun-ezaugarri sakonenetako bat lehen sektoreari laguntzea da, 1977tik ari baitgara nekazaritza eta abeltzaintza azoketan lankidetzan. Horregatik, ezinbestekoa zaigu honelako topaguneak sortzen jarraitzea; izan ere, sari-banaketa huts bat baino gehiago, elkarrizketarako eta elkarren ezagutzarako guneak dira, gurea dena baloratzera garamatzatenak. Gizarteari balioa ematen dioten eta lurraldea indartzen duten proiektuetan inbertitzeko konpromisoarekin, guztion artean Bizkaia jasangarriagoa, gizatiarragoa eta bere erroetaz harroago dagoena eraikitzen jarraituko dugu.

Zorionak saridun guztiei!