Otsailak 3, 2026

BBK Haur Eskoletako 2026/2027 ikasturterako matrikulazio-epea zabalik

BBK Haur Eskoletan 2026/2027 ikasturterako izen-emate epea zabaldu dugu Bizkaiko bi zentroetan: Santutxuko BBK Haur Eskolan, Basarrateko metroko igogailutik hurbil dagoena, eta Romoko BBK Haur Eskolan, Areetako metro-geltokitik gertu kokatua. 0 eta 2 urte bitarteko haurrak dituzten familiek dagoeneko egin dezakete eskaera, segurtasunean, konfiantzan eta ongizatean oinarritutako hezkuntza-proiektu baten parte izateko, haurtzaroko une garrantzitsu honetan garapen emozionala, fisikoa eta soziala laguntzen duena.

Matrikulazioa 2024an, 2025ean eta 2026an jaiotako haurrei zuzenduta dago, eta horretarako prestatutako inprimakiaren bidez egin daiteke. Eskaerei edo ikastetxeen funtzionamenduari buruzko edozein argibide edo informazio osagarri behar izanez gero, familiek zuzenean jar daitezke harremanetan aukeratutako haur-eskolarekin, telefonoz edo posta elektronikoz.

Ongizatea eta garapen integrala ardatz dituen hezkuntza-proiektua

BBK Haur Eskoletan, haur bakoitzaren banakotasuna eta heldutasun-garapena errespetatuz, jolasaren eta haurrei proposatzen dizkiegun esperientzien bidez, une garrantzitsu horietan garapen emozionalean, fisikoan eta sozialean laguntzen diegu, familiekin batera.

Gure lana haurrei espazio, material eta aukera desberdinak eskaintzea da, mugimenduaren eta jakin-minaren bidez garapen harmonikoa izan dezaten. Eskolaren egunerokotasunean, apurka-apurka eta haien beharrak kontuan hartuta, erlaxatuta egoteko eta beren interesetan eta garapenean arreta jartzeko behar duten segurtasuna ematen dieten errutinak sortzen eta lantzen ditugu.

Gure haur eskolek espazio zabal eta argitsuak dituzte, haurren mugimendu-, atseden-, jolas- eta harreman-premietara egokituak. Espazio beroak eta abegikorrak dira, haurren ongizatea eta lasaitasuna sustatzeko pentsatuak.

Bizkaiko haurtzaroarekiko konpromiso historikoa

BBK Haur Eskolen jatorria XX. mendearen hasierakoa da. 1929ko lehen hilabeteetan, Kutxak Etxeko Ongintzako eta Esne Tanta udal-zerbitzuak bere gain hartzea erabaki zuen, erakundeko mediku José Entrecanales jaunaren zuzendaritzapean, eta handik gutxira, Urazurrutian kokatutako San Antonio Sehaska Etxea ere bere egituraren barruan sartu zuen, Beharrean diharduen Emakumearen Montepioaren baitan.

Urte hartan bertan, Kutxak beste bi proiektu jarri zituen abian: Bermeon Umearen Etxea (Casa del Niño) izeneko haurtzaindegi eta haur-kontsultategia ireki zuen, eta, bestetik, Familia-etxe bat sortu zuen, `Villa de Bilbao’ izenekoa, zeinaren kudeaketa Sukarrietako Egoitza zeramaten lekaimeen ordenaren esku utzi baitzen.

Gaur egun, BBK Haur Eskolek Bizkaiko gizartean erreferente izaten jarraitzen dute, Bilbon (Santutxu) eta Getxon (Romo) ditugun bi eskolen bidez, ibilbide historikoa eta egungo familien beharretara egokitutako hezkuntza-proiektua uztartuz.